Nor gara?

Zer da matazak indarkeria sexistaren aurka?
Irabazi asmorik gabeko elkartea gara, Espainiako eta munduko beste hainbat lekutako emakumeek osatua, eta begizta kolektibo handi bat sortzen ari gara emakumeen aurkako era guztietako indarkeriak agerian jartzeko eta salatzeko.


Nola sortu zen?
2014an hasi zen proiektu gisa Astigarragan (Gipuzkoa), Harituz elkarteak bultzatuta. Ordutik, lortu du partikularrek eta tokiko eta beste autonomia erkidego batzuetako 350 elkartek baino gehiagok parte hartzea, eta, aldi berean, nazioarteko erantzuna ere izan du, besteak beste, Italia, Errusia, India, Portugal, Mexiko, Ingalaterra, Tunisia, Argentina, Suedia… herrialdeak inplikatu baitira proiektuan. Horri esker, iritsi gara era guztietako elkarteetara, adinekoen zentroetara, dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako zentroetara, ikastetxeetara, ikastoletara, enpresetara, udaletara eta abarretara.


Matazak indarkeria sexistaren aurka bezalako proiektu baten garrantzia.
Giza eskubideen muga dira emakumeen aurkako indarkeriak. Gizartearen eta osasungarritasun publikoaren arazoa da, inolaz ere. Horregatik, konpromiso soziala da herritar guztiok indarkeria horien aurka lan egitea. Matazak proiektuan parte hartzen ari garenok uste dugu garrantzitsua dela espazio publikoa okupatzea, leku guztietara iristea, gure “aski da” oihuaren oihartzunak kontzientziak alda ditzan sortzen ari garen ehunaren bidez. Hortxe hartzen du garrantzia proiektu honek.

Oso erraz har daiteke parte: 30 cm-ko zabalerako eta bakoitzak nahi duen luzerako ehuna eho baino ez da egin behar. Biktima den emakume baten izena, esaldi bat edo desio bat jar daiteke hartan. Norberak aukeratuko ditu diseinua eta kolorea eta edozein teknika erabil daiteke: kakorratza, bi orratz, kakorratz tunisiarra… Hala, sororitate begizten printzipio bihurtuko da ehotze hori, parte hartzaile bakoitza katebegi garrantzitsua izango da beste askorekin elkartzeko, eta partikularra dena kolektibo bilakatuko da. Bultzatzen dugu emakumeen aurkako era guztietako indarkeriak agerian jartzea eta haien aurrean kontzientziatzea, parte hartzen dutenak ahalduntzea, bai eta munduko hainbat tokitako emakumeen elkarlana ere, eta lagungarria da genero-indarkeriaren aurkako lanean elkartutako beste emakume batzuentzat ere.

Pertsona anonimo horien guztien elkarlanari esker, emakumeen aurkako indarkeria bere era guztietan ikusarazteko modua da begiztaren zati bakoitza, eraildako emakume baten hutsunea da, Aski da! oihua da.


Egiten ditugun jarduerak.

Duela pare bat urte, gure historiari buruzko dokumentala kaleratu genuen, Sororitate hariak. Bigarren geratu zen Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian eta Zaragozako Zinema eta Giza Eskubideen XVIII. Zinemaldia irabazi zuen.

“Madejas contra la violencia sexista: de una historia local a un movimiento social” liburuan ere jaso dugu historia bera. Koronabirusak eragindako konfinamendu aldian idatzi zen, eta Matazak proiektuaren historia aztertzen du sortu zenetik gaur egunera arte. Gainera, berdintasun arloko adituen eta urte hauetan proiektuan parte hartu duten emakumeen ahotsak ere jaso ditu. Erreferentziazko irakurgaia da, inolaz ere, Matazak indarkeria sexistaren aurka mugimenduarekin bat egin duten emakumeen barne-historia ezagutu nahi dutenentzat.

Gainera, liburu bat argitaratu dugu aspaldi ez dela, eta emakumezko olerkariek eta Matazak taldeko emakumeek idatzitako olerkiak bildu ditugu hartan. Emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeria guztiak salatzen dituzte olerki horietan.

Hara bidali dugu begizta kolektiboaren zati handi bat, museo horretan ikusgai jartzeko. Erakusketa hori oso garrantzitsua izan da; izan ere, gure matazen bidez, sartu ahal izan gara nazioarteko museo batean, inguru horretan genero indarkeria agerian jartzeko eta beste publiko batengana iristeko. Horrela, bete dugu gure helburua, hauxe da, mezua iristea zaila den leku horietan kontzientziatzea ehotze lanaren bidez.

Suedian ere badugu lotura, 2022ko azaroan Matazak indarkeria sexistaren aurka proiektuko emakume talde bat hara joan baitzen Vänsterpartiet Malmö alderdiko Emma Johanssonekin biltzera eta Garapen Jasangarriko 5. (genero berdintasuna) eta 17. (aliantzak sortzea) helburuak lortzeko estrategiak bateratzera, emakumeen aurkako indarkerien kontra loturak ezarriz.

Bestalde, penintsula osoan zehar ere ibili da genero indarkeriaren aurkako begizta kolektibo handia, arazo hori salatzeko eta agerian jartzeko ahaleginak bateratu nahian, eta urte osoan zehar bilerak egiten ditu lankidetzan diharduten herrialdeekin.

Ehuntzetik haratago, gure jardueren helburua da, halaber, herritarrak ezagutzaren bidez sentsibilizatzea emakumeen aurkako indarkerien aurrean. Horretarako, hainbat jarduera, tailer, mintegi eta jardunaldi egiten ditugu, eta horien artean nabarmentzekoa da Matazak mugimenduak bultzatutako Indarkeria Sexistaren aurkako Pentsamendu Feministaren Topaketa. 2018an sortu zen ekimen hori, emakume izateagatik emakumeen aurka egiten diren indarkeriak agerian jartzeko eta horren inguruan hausnartzeko toki bat, topagune bat, eskaintzeko beharrari erantzuteko. Indarkeria mota desberdin bati heltzen zaio urtero. Horretarako, hainbat aditu ditugu, beren jakintza arloetatik gaiaren zeharkako begirada eskaintzen dutenak. Hala, jardunaldi horietan parte hartzen dutenek beren bizitza pertsonalean eta lan bizitzan aplika dezaketen ezagutza jasotzen dute. Gainera, jardunaldien amaieran Matazak Saria banatzen da, aurten Rozalen abeslariari egokitu zaiona.

Horrez gain, 2022an lankidetza sortu dugu Osakidetzarekin, hau da, EAEko osasun publikoko sistemarekin, genero indarkeriaren aurka elkarrekin lan egiteko, osasun publikoko arazo gisa.

Matazak elkartean lortu nahi dugun hurrengo urratsa da NBEra iritsi ahal izatea, bai eta munduko emakume ehuleen mugimendua sortzea ere emakumeen aurkako indarkeriaren kontra.